IOHLEEren 25. Urteurrenaren Adierazpena

Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak bere lehen 25 urteak bete ditu, Euskadiko herritarrei bere jarduera nabarmenen balantzea eskainiz. Horien artean, gure industria-iragan berrieneko elementu garrantzitsuak babestea nabarmendu nahi genuke, gure ondarearen zati adierazgarri baten dagoeneko erremediorik ez duen galeraren gainetik.

Gure hogeita bosgarren urteurrena ospatzeak Elkartea osatzen dugun kideok –130etik gora, eta hainbat espezialitateko profesionalak garenok- hartutako konpromisoa berritzeko aukera dakar; 80. hamarkadaren hasieran hasitako zereginarekin jarraitzeko konpromisoa, hain zuzen ere. Garai hartan, euskal industriaren aztarnek oztopoa ziruditen, eta enpresak eta erakundeak -eta gizartea, oro har- bertatik askatzen ahalegindu ziren, birmoldatu eta eredu ekonomiko berri bat lortzeko asmoz.

Asko kostatu da, eta oraindik kostatzen ari da, industria ondarea berau duten enpresen aktiboaren zati dela, toki botereek babestu behar duten hiri-bilbearen zati dela, iraganaren eta trazu garrantzitsuenak gazteenei utzi behar dizkiegun Memoriaren zati dela ikusaraztea. Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar dugu. Hori dela eta, Elkartea sortu eta hogeita bost urte geroago, aro digital eta birtual bete-betean, behartuta sentitzen gara gure zeregina oraindik ez dela amaitu adieraztera.

Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea 1984an sortu zen, “Euskadiko Teknikaren Museoaren Lagunen Elkartea” izenez. Hala ere, egun, 25 urte geroago, Euskadik industria aurreko etaparen eta industria ondoko aroaren artean bi mendeko bidea zedarrituz joan den ondare higigarri aberatsa biltzen duen erreferentziazko museorik eduki gabe jarraitzen du. Zalantzarik gabe, herrialde honetako kultura-politikaren gabezia nagusietako bat da. Gabezia barkaezina da, erakundeen erantzukizunari eta enpresa, norbanako eta taldeen konpromisoari proiektu komun batean elkartu behar garela interpelatzen diona.

Elkarteak urteak daramatza proposatzen Euskal Industri Museoa Bilboko Zorrotza auzoko Euskal Errotak eraikinean jar dadila. Horrek, gainera, inguru hori berreskuratzen lagunduko luke, eta Euskal Herri osoa interes historiko, kultural, didaktiko eta turistiko bereziko erreferentziazko zentroaz hornitu luke.

Enpresa eta norbanakoak, herri administrazioak eta iritzi-liderrak Herri honentzat bere industria ondarea eta herri lana babesteak duen interesaren inguruan kontzientziatzeko duela mende laurden hasitako zereginarekin jarraitzeko ahaleginak egiten jarraitzen dugu. Interes historiko edo kulturala soilik ez. Eraikin horiek duten ondare higigarri, higiezin eta ukiezinak, bertako makineriak eta bertako paisaiak oinarria osatzen dute, zeinaren gainean Herri honen oraina eraiki den eta zeinaren gainean etorkizun berritzaile, oparo eta jasangarriaren inguruan amets egin daitekeen.

Errepara diezaiegun Bilboko Tigrearen eraikina egoitza-eraikin bezala berrerabiltzeak irudikatzen duen kontabilitate-balioari, Gasteizko Azukre Lantegiak eskaintzen dituen aukerei, Andoainen dagoen Laborde Anaiak Lantegiari edo Barakaldon dagoen enpresa-proiektuak kokatzeko Ilgner Eraikinari. Edo UNESCOk estatu mailan Gizateriaren Ondare aitortutako industria ondarearen elementu bakarra den Bizkaiko Zubiaren ustiapenari. Errepara diezaiegun baita ere Donostiako Tabako Lantegiari, Balmasedako La Encartada Museoaren xarmari edo Bilboko Harino Panadera lantegiaren edo Vitoria-Gasteizko Ur-biltegiaren udal-erabilerari.

Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak bi erronka saihestezin ditu: aztarna garrantzitsuenen lege-babesa lortzea eta horiek birgaitu eta babesteko benetako berme bezala balioztatzea sustatzea. Bestela, nahikoa da aurri egoeran dauden Zorrotzako Lantegiei erreparatzea (edo Pasaiako portuaren ibai-ahoan dagoen konponketa-ontziola bateko “orgara” igotako Jaizkibel Dragari edo, kulturaren ikuspuntutik, Donostiako Gas Lantegiaren amaiera ulertezinari) ondarea legez babestea ezinbestekoa dela konturatzeko; baina inoiz ez nahikoa, Industriaren Ondarea berreskuratu eta babesteko estrategia baterako.

Hortaz, presazkoa dela uste dugu gure herri eta hirietako industriaren iragana azaltzen duten, gure pasaiaren eta ikonografiaren eta gure memoria historikoaren zati diren eta gure izaera inspiratu duten elementuak legez babestea; baita udalerri guztietako elementu babestuei buruzko katalogoetan sartzea ere. Honakoak bezalako elementu adierazgarriak, bakarrak: Basauriko La Basconiako sorrerako nabeak edo Sestaoko Babcock Wilcox-ekoak, Gallartako Bodovalleko “La Corta”, Barakaldon dagoen Orconera konpainiaren kargalekua, Orioko Zeramika lantegia, Eibarko El Casco lantegia, Soraluzeko arma lantegia edo Tolosako Araxes Paper Fabrika; eta, Araban, Asparrenako Ajuria edo Euskadi eta Nafarroa arteko Trenbidea (bere geltoki, zubi eta lur-berdinketekin), besteak beste.

Higiezinen krisiak birgaitzea aukera estrategiko bilakatu du eta, hori dela eta, erakundeak animatzen ditugu bereziki industria arkitekturak eraikuntzak ez ezik, auzo eta hiriguneak birgaitzeko eskaintzen dituen aukerei erreparatzera. Arkitektura eta urbanismoko profesionalak, sustatzaileak eta sortzaileak animatzen ditugu mota horretako elementuak esploratzera, beste begi batzuez begiratzera eta erabilera berrietarako –publikoak zein pribatuak- ideiak ekartzera.

Eta herritarrak beren ingurunearen garapena jasangarria, bertako historiarekiko errespetuzkoa eta iragana orainean eta etorkizunean integratzeko modukoa izan dadin eskatzera animatzen ditugu. Industria Ondarea, aurrerantzean, etorkizunaren lantegi izan baitaiteke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

 
cenefa